Isilik, lurrera begira
eta adi-adi nahi izan gaituzte gazteak. Ezer esan gabe, guk esan genezakeen
ezerk ez baitzuen interesik; umil eta xume, heldu sasijakintsuen aurrean
esaneko; akritiko, esaten diguten guztia esponjak bezala xurgatuz, zalantzan
jarri gabe, kontra egin gabe. Eta izan ere, hala izan gaituzte maiz.
Hamaika bider gertatu
zait, eta seguru zuk ere behin baino gehiagotan bizi izan duzula, nahiz eta
ados ez egon, ez naizela bilera batean hitz egitera ausartu (eta denak
oldartzen bazaizkit?); edo asanblada batean nire iritzia ematera (eta
txorrada bat esaten ari banaiz?); edo klasean irakasleak dioenari
aurka egitera (eta hanka sartzen badut? eta barre egiten badidate?); edo
jardunaldi batzuetan hizlariari galderaren bat egiteko amorratzen egon arren,
eskua altxatzera (eta jende guzti honen aurrean blokeatzen banaiz? Eta
hitz-totelka egiten badut? Eta galdetuko dudanak garrantziarik ez badu?).
Beste zenbatetan ez zara gai izan lagunartean zure sentimenduez askatasunez
mintzatzeko, ez zara ausartu aldaezintzat ditugun planak zalantzan jartzera (beti
egin denez, egin BEHAR da!), parrandan aspalditik ligatu nahi duzun
horrengana hurbiltzea…
Gure pentsamenduek,
iritziek, izugarrizko segurtasun eza eragiten digute jendaurrean. Ez da
harritzekoa: horretarako hezi gaituzte. Txikitatik inguruko
errealitatea, mundua bera, nola ulertu behar dugun irakatsi digute, bere
momentuan garai desberdinetako (beti) gizon (ia beti) bizardun (eta beti)
helduek ezarritako irizpideen arabera. Irizpide androgino eta kapitalistak,
noski. Errealitatea beste baten begietatik neurtzeak pertzepzio ondorio larriak
ekarri dizkigu: harena egiazkotzat jo, eta gurea jartzen dugu zalantzan. Bizi
duguna bi izan ez bagenu bezala, sentitu duguna sentitu, ikusi duguna ikusi… Ez
badator eurek diotenarekin bat, oker dago. Hausnartzeko gaitasuna falta zaigu,
antza. Ez omen gara arrazionalak, hormonen errua ei da. Okerra subjektiboa izan
ahalko ez balitz bezala!
Izan ere, agian egia bat
eta bakarra ez da guretzako Sherlock Holmes-entzako bezain elementala. Agian
beste logika batzuk daude jendartea aztertzeko, beste perspektiba eta neurri
batzuk mundua neurtu eta baloratzeko. Agian arrazionala dirudien logika
da errealitateari motz geratzen zaiona, eta perspektiba osoa izateko,
gazteoi galdetu behar zaigu. Ikasgelako atzeko izkinan esertzen den neska
isilari, gaztetxeko aulkirik urrunenean eta ilunenean esertzen den mutilari,
asteburuko parranda oradaintzeko arratsaldero lanean dagoenari, pentsatzeko
astirik gabe autobusez autobus korrika doanari, mundua aldatzeko grinaz
unibertsitateko karrera bat hasi eta karrerak munduan dagoen bezala mantentzeko
prestatuta daudela deskubritu berri duenari…
Baina ez digute
galdetuko, helduen ustez, arrazoia adinak, esperientziak eta BBK-ko txartela
beltzak ematen dutelako. Ordura arte, gure ahotsa entzun dadin nahi badugu, guk
sortutako bitartekoen bidez izan beharko du. Eta eskerrak batzuetan besteen
aurrean botatzea kostata bada ere, sorkuntzarako ideiak milaka ditugula!
Zoroak, berritzaileak eta ausartak! Eskerrak askotan lurrera begira, isilik eta
adi-adi edukitzen gaituzten arren, azkenean ausartu egiten garela irakaslearen
txapa etetera, bileran eztabaidatzera, asanbladan eskua altxatzera… eta
bai, seguruenik lehenbizikoan hitz totelka egin genuen, berehala izerdi
patsetan jarri, eta esaten ari ginena inola egituratu gabe korrika batean
botako genuen, baina, eta zer? Ez zen ezer pasatu, eta beste hamaika bider egin
dugu orduz geroztik! Badugulako zer esan
No hay comentarios:
Publicar un comentario