Aurten ere uztailaren 6tik 14ra jai giroan
murgildu gara iruindarrok Sanfermin jaietan. Urtero moduan hamaika ekimenez
bete da norberaren agenda 9 egunetan zehar eta, behin ajea igarota, oroimenean
gelditu zaizkigu zenbait momentu gazi zein gozo.
Hemezortzi minutuko atzerapenaz hasitako jaiak
izan dira aurtengoak, arrantzale bizardun batzuen ekimen ikusgarriak Iruñeko
alkatearengan sortutako amorruaren ondorioz. Ikurriña erraldoiaren aferaz
jardun dira, goraipatu edo gaitzesteko, hedabideak eta sare sozialak.
Aurten behingoan, kalapita apur bat sortu dute
zenbait hedabideetan txupinazoan jazotako eraso sexistek, Iruñeko alkatearen
iritziz izendapen hori merezi ez duten arren. Ikurriñaren aferak hautsak
harrotu izana eta emakumeenganako irudiek eragindako tratamendu eskasa askotan
aipatua izan da gainera lagun artean.
Biharamunak balorazioak ekarri ditu; Udalaren
aldetik positiboa izan da oso parte-hartzea edo krisi garaian antolatutako
ekimen ofizial andana, baina erabat ezkorra “ikurriñak eragindako liskarra”.
Jaiak eta hiria boikoteatu nahi izanaz mintzatu da eta, zenbait sektore
abertzalek aldiz, oraindik bizirik dirauen identitate-gatazkaren baitan kokatu
dute hirukoloredunaren ekimena, ikurren-legean eta erabakitzeko eskubidean
ardaztuz euren kexa.
Herri mugimenduak berak bere behar eta nahiak
plazaratzeko lanari ekin dio aurten ere. Txikitasunetik abiatutako eragile
ezberdinen egitarauaren balorazioa entzuteke, aipatzekoa da Gora Iruñeak
antolatutako JaiGunearen berritasuna, uztailaren 6a baino lehen urrats
garrantzitsu gisa baloratutakoa.
Balorazio hauen aurrean euskaldunon hizkuntza
komunitateak lekurik ez duela ematen du ordea. Programa ofizialean euskararen
presentzia hutsaren hurrena dela ikusi dugu berriz ere, “desde el respeto
institucional” gazteleraz azpimarratu zen txupinaren mezu garrantzitsuena,
informazio puntuetan españolez, ingeleraz, alemanieraz edo euskara ez den beste
edozein hizkuntzatan errazagoa izan da azalpenak jasotzea, Sanferminetako
kale-seinalizazio berezia gaztelera hutsez edo euskara azpiratua ikusi behar
izan dugu (ordenantza berrituan seinale berriek euskara eta gaztelera tamaina
eta kolore berdinean egotea jasotzen denean)...
Hau guztia ez da inoren irakurketan ikusi ahal
izan. Inolako aipamenik ez du izan balantze orokorretan, sanferminetan
hizkuntza gatazkak adibiderik izango ez balu moduan.
Euskaraz bizitzeko hautua hartu dugun herritarrok
gureak eta bi ikusi behar ditugu oraindik ere gure hiriko jaietan (baita
aurretik eta ostean ere) erabaki horrekin aurrera jotzeko. Denak balio omen du
sanferminetan, eta udalak lelo hori bere egiten duela ematen du euskara eta
euskaldunok ikusezin bihurtzeko munduari erakusleiho paregabea diren
sanferminekin. Herri eragileei dagokionez zaila izaten da euskara lehenesten
duen egitarau edo gune batekin topo egitea edota euskaraz idatzitako
jakinarazpenak jasotzea. Itxaropentsu aritu gara aurtengo JaiGunearen baitan
baina jai euskaldunak irudikatzeko ez dela gai izan esanen nuke.
Euskalgintzako eragileen inguruan, jaiak nor bere
erara igarotzea izaten da erronka, ekimen eta aldarrikapen komunak bateratu
ezinean. Planteamendu komun bat egitea zaila da orokorrean gaur egungo egoeran.
Euskaraz bizitzeko espazioak eta uneak behar ditugu,
baina hori indartzeko norbanakoon zein mugimendu politikoen konpromisoa
beharrezkoa da. Alperrik aldarrikatuko dugu ikurriña udaletxetik zintzilik
ikusi nahi dugula edukiz husten badugu, euskaraz bizi den herri bat ordezkatzen
ez badu. Alperrik ariko gara eskatzen jai herrikoi eta euskaldunak, erdaraz
askatzen baditugu aldarriok.
Ertxolegi.
Adierazpena Sanferminen bueltan egin eta bidali nuen. Orain publikatu den arren, bertan esaten dena egunean dagoela esanen nuke; inolako baloraziorik ez da egin hizkuntzari lotua uztailetik hona.
ResponderEliminarEuskara ala hilobia!!