2014/12/18

WELCOME TO NOVOROSIJA: DONBASSEKO GERRA FRONTEAN

Luhanskeko Herri Errepublikara sartu ginenetik nabaritu genuen gerra egoera. Haien kontaktua genuen miliziano batzuekin sartu ginen Krasnodon herrira, gauez eta bonbek suntsitutako errepide batetik. Lehenengo gaua milizianoen kuartelean igaro genuen, giro bikainean; asko eskertzen ziguten hara joatea, bazekitelako bertan gertatzen ari denaren informazioa zabaltzeak laguntza ikaragarria suposatzen diela.



Krasnodoneko ospitalera joan ginen gau horretan bertan, eta gerra honen ondorio latzak ikusi ahal izan genituen. Ukrainar ejertzitoak jarritako mina batek zauritutako haur bat zegoen bertan. Egun batzuk lehenago baino hobeto zegoela esan ziguten, hala ere eskuak txikiturik zituen, eta beltz-beltzak. Tristura ikaragarria sumatzen zen ospitale horretan, normala denez. Bigarren egunean Luhanskera joan ginen, errepublikako hiriburura, baina Oleg eta Andrey milizianoek Novosvetlovka herrira eraman gintuzten lehenago. Gerra honetan sinbolismo handia dauka herri honek. Abuztuan, Errusiko giza laguntza Luhanskera bidean zegoenean, Ukrainar ejertzitoko Aidar batailoi ultra-nazionalistak herria okupatu zuen. Bertako jendeari ez zion ateratzeko denborarik eman, eta batailoiak ez zien ateratzen utzi. Asko preso hartu zituzten, beste asko fusilatuak izan ziren herriko elizan, oraindik ere fusilamenduen markak dituena, beste batzuk torturatuak izan ziren, bortxatuak… Horrelakorik sufritu ez zutenak etxeetan sartuta geratu ziren, eta Aidar batailoiak giza-ezkutu bezala erabili zituen. Batailoiaren erretaguardia osatzen duen Pravy Sektor talde paramilitar neonaziak, azkenik, herria bonbardatu egin zuen, biztanleak etxeetan zeuden bitartean, eta ukrainar ejertzito erregularra milizianoekin borrokan zebilen bitartean.

Luhansk hirira heldu ginenean honen suntsiketaz harritu egin ginen. Hain hiri handia egoera horretan ikustea izugarria da. Kuriosoki eraikin publikoak ziren kalte gehien jasan zutenak; merkatu zentrala, eskolak, ospitaleak, errepideak, gas-bideak, elektrizitate zentralak, industria… Italiera hitz egiten zuen bertako emakume miliziano batek hartu gintuen bere etxean. Bonbak uneoro erortzen ziren, eta zarata oso handia zen. Ukrainar kartzela batetik atera berria zela kontatu zigun Oxanak. Bi hilabete eman zituen preso, eta tortura gogorrak jasan zituen. Oraindik ere beldurra nabari zitzaion aurpegian, baita bere familiari ere.

Oso arreta berezia eskaintzen ziguten bertako okzidental bakarrei, bi euskaldunoi. Oso ongi zaintzen gintuzten, bai etxean eta baita Herri Administrazioan ere (milizianoek okupaturiko gobernua, orain Herri Administrazioa deitua). Edonora joaten uzten gintuzten, milizianoen eta parlamentarien artean ibiltzen ginen, eta Oleg Popov Novorrosijako Alderdi Komunistako parlamentaria ezagutu genuen bertan. Frontera joatekoa zen, eramateko eskatu genion eta berehala eraman gintuen, azkar batean. Gaur egun Luhanskeko fronterik gogorrena den Stanitxa Luhanskaya-ra eraman gintuen. Kosakoen batailoia dago bertan, Doneko eskualdeko gizarte nomada historikoa, gizarte nekazari eta borrokalaria. Inbasio ororen aurka borrokatu dute historian zehar, lurralde autonomo bat lortzeko helburuz, eta orain, haien esanetan, Ukrainar gobernu faxistaren aurka erresistitzen ari dira Donbassen.  Etengabeko borrokak zeuden frontean. Milizianoen frontearen bukaerako Check-pointean egon ginen, zubi baten aurrean; zubiaren bestaldean ukrainarren frontea hasten zen. Gero estatua baten atzean zegoen bigilantzia postura joan ginen. Lau miliziano gazte zeuden bertan. No pasaran! Venceremos! Kaput Hitler! Poroxenko faxist! bezalako oihuak zerabiltzan. Kilometro batera ukrainar frankotiradoreen postuak zeudela esan ziguten, eta ongi ezkutatu behar ginela estatuaren atzean. Tiro eta bonben metralla markak zeuden estatuan, postu hori erasotua izan zenaren seinale.
Luahnsketik mendebaldera Altxevskera joan ginen autobusez, milizianoen Check-point ugari pasaz, defentsarako ongi prestatuak daudela erakusten dutenak. Altxevsk hirian Aleksey Mozgovoy komandante ospetsuaren Prizrak brigadaren kuartela dago, eta hiru egunez egon ginen haiekin. Gerra hasi zenean, Sloviansk herriaren defentsa eredugarria egin zuen Mozgovoy komandanteak, Givi, Motorola eta Strelkov komandante ospetsuekin batera. Nahiz eta komunista ez izan, sozialismoaren aldeko apustua argi utzi du behin baino gehiagotan Mozgovoyk, horregatik biztanle askoren babesa jaso du.

Prizrak brigadarekin frontera joatekotan egon ginen, euren operazio baten baitan, baina atzeratu egin zen eta guk beste kontaktu batzuk eginda, kosakoekin Slavianoserbsk-eko frontera joatea erabaki genuen. Iluntzean heldu ginen bertara, eta herria egun horretan bonbardatzen ari ziren, eta arriskua kontuan hartuta bertatik alde egin genuen kotxe txiki batean, argiak itzalita, itzaletan kamuflaturik. Iluntasuna apurtzen zuen bakarra bonben leherketa zen, leherketa etengabea eta sute ikaragarria ateratzen zuena.

Hirugarren aldiz ere egon ginen frontean, Stxvastie herriaren ondoan. Borroka gogorrenak izan dituen frontea da hau, tanke pila zeuden suntsiturik, baita errepidea ere. Bertan bi kazetari errusiar hil zituen ukrainar armadak. Milizianoek egindako enboskada batean Aidar batailoiaren gune estrategiko bat berreskuratzea lortu zuten, eta gu bi aldeen frontearen arteko gune neutroan egon ginen, suen erdian barrikaden artean.

Hau da Donbassen dagoen frontea, hauek dira borrokan dauden milizianoak, hau erresistitzen ari den herria, Donbasseko herria. Argi daukate faxismoaren, inperialismoaren eta oligarkiaren aurkako erresistentzia bat dela, eta ez hala esaten dutelako soilik, baizik eta Ukrainako estatu kolpea sektore horrek eman duelako, ukrainar oligarkiaren kapitala salbu egoteko oligarkia europar eta yankiaren laguntza jaso du ukrainarrak, honela herrialdearen baliabide naturalak, lan eskua eta industria merkatu ultra-liberalizatu batera igarotzea lortu dute, eta horretarako, talde paramilitar neo-naziak erabili dituzte txakur bezala, gobernu kolpistak izaera eta jarduera faxista hartuz.


Independentziaren bila dabilen herri batek terrorista izendapena jaso du, bonbak jaso ditu.

Novorrosiako herri erresistentzia aurrera! Donbassetik ez dira pasako!

LUR GIL

No hay comentarios:

Publicar un comentario