Herritarrak bueltatzen hasi dira, gerra bukatu ez den arren, eta bonba artean bizitzera ohitu dira ia
Ukraina ekialdeko Luhansk hiria ez da oraindik berregin abuztu bukaerako erasoen ondorioetatik. Ukrainako Gobernuaren aurkako indarren eskuetan egon da hasieratik, eta Kievek bi eraso gogor abiatu zituen hiriaren kontra. Erasoei aurre egin zieten miliziek, eta gerra frontea hiritik urruntzea lortu dute: borrokak hamabost kilometro iparraldera daude orain. Agerian ditu Luhanskek Ukrainako armadak eragin zizkion zauriak, ixten zailak izango direnak bai hiriarentzat eta bai erasoa bizi izan zuten biztanleentzat ere.
Hiriaren
erdigunea berreskuratuz doa gerra hasi baino lehen zeukan itxura, baina
gainerako eremuak hondatuta daude. Gatazkaren ondorioak, ordea, nabariak dira
hiri erdian ere. Ukrainako banderarik ez da inon ageri; Luhanskeko Herri
Errepublikaren banderek hartu dute ukrainarren lekua: eraikin publikoen
atariak, autoen matrikulak, kale margoketak, publizitate iragarkiak… Kaleetan
dauden bandera bakarrak ez dira Luhanskekoak, ordea. Errusiako eta Errusia
Berriko ikurrak ere edonon ikus daitezke, San Jurgiren irudiekin batera. Nazien
aurkako ikur bilakatu zen Bigarren Mundu Gerran, eta Ukraina ekialdeko gatazkan
ere, euren esanetan «faxistak» direnen aurka erabiltzen dute.
Ez
dira horiek soilik gerrak utzitako ondorioak; irudi latzagoak ere ageri ditu Luhanskek.
Gerra hasi zenetik Ukrainako armadaren erasoek suntsitutako eraikinek beren
hartan diraute, hondarretan. Saltoki asko txiki-txiki eginda daude, elizak,
eskolak eta ospitaleak bonbardaturik, Luhanskek zeukan industria garrantzitsua
erabat hondaturik.
Azoka
nagusia suntsituta dago guztiz ekaina bukaeran airez erasoa izan ostean, eta,
gutxika hiri erdigunea normaltasunera bueltatzen ari denean, salgaiak kalera
atera dituzte. Denda gehienak itxita daude, eta irekita dauden gasolindegi
gutxietan gasolinaren prezioak ikaragarri egin du gora. Zaila da ezer
ordaintzea, gainera, soldatarik ez dagoenean, biztanle askok lana ere galdu
baitute gerraren ondorioz.
Oxana
Kiriluk, ukrainar ziega batik atera berri den milizianoak etsiturik azaltzen du
bere egoera ekonomikoa: «Bihar berrehun hrivnia kobratzera joango naiz. haur
txiki bat edukitzeagatik ematen didaten diru laguntza da, nire familiaren diru
sarrera bakarra momentu honetan».
Egunero
doa Kiriluk Luhanskeko Herri Administraziora, gerra egoeraren informazio bila.
Eraikin horrek ere itxura guztiz aldatu egin du. Maidaneko protestek Ukrainako
gobernu aldaketa ekarri ostean, herrialdearen ekialdean hasitako altxamenduetan
matxinoek okupaturiko lehenengoetariko eraikin publikoa izan zen. Eraikina
defendatzeko barrikadak egin zituzten orduan administrazioaren inguruan; gaur,
kenduta daude jada, baina barrualdea defentsarako prest dago guztiz, Ukrainako
armada aurrera egiten ari dela baitakite. Miliziek kontrolatzen dute eraikina,
eta sarrera guztiz kontrolatuta dago: politikariak, milizianoak, bertako
langileak eta kazetariak sar daitezke soilik. Guardia egiten dute uneoro
milizianoek, barruan eraikitako barrikaden atzetik; eta lurpeko bunkerrean
jantokiak eta lotarako guneak dituzte, Ukrainako armadaren erasoaren zain.
Negu
gorria gerra giroan
Luhansken
bizitzea ez da erraza. Etenik gabeko bonba hotsek aldiro beste eraso baten
arriskuaz ohartarazten dituzte biztanleak. Hiria hustu egin zen abuztuko
erasoen ostean: milizianoez aparte, jende gutxi geratu zen hirian;
gainontzekoak Errusiara joan ziren bizitzera. Oxana Kiriluken senide guztiak
Sotxira abiatu ziren gerratik ihesi. Orain, bi hilabete igaro direla,
Luhanskeko biztanleak euren bizitokietara bueltatzen ari dira, normaltasun
bila, Luhansken ez dagoen normaltasun bila.
Negua
Luhanskera heldu da, eta hotzari aurre egiteko baliabideak eskasak dira. Askok
etxea galdu dute; beste askok argirik eta berogailurik gabe igaro behar dute
negua. Argindarra eguneko ordu batzuetan besterik ez dago, eta iluntzean argia
mozten dute, ez baitago argindar nahikorik hiri guztiarentzat, eta arratsaldeko
bostetatik bederatzietara ilunpean dago hiria. Ura ere goizeko lehen orduan
soilik heltzen zaie etxera, eta bidoietan sartutako urarekin moldatzen dira
egunez.
Zaila
da negua horrela igarotzea, zaila da gudan horrela ibili behar izatea, baina ez
du ematen gudak etenik izango duenik, ez eta laster amaituko denik ere; herri
miliziak ez baitaude Ukrainako Gobernua onartzeko prest, ezta Petro Poroxenko
Luhansk eta Donetskeko Herri Errepublikak onartzeko ere.
Irakurgaia www.berria.eus-en argitaratuta
Irakurgaia www.berria.eus-en argitaratuta
Lur Gil

No hay comentarios:
Publicar un comentario