2014/05/19

EUSKALDUNA ETA FEMINISTA NAIZ. ZER BESTELA?

Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den” eta hortaz jabetuta ere, ez diot euskaraz bizitzearen erabakiari utzi. Eta erabakia diot, hautu kontzientea izan zelako ikusi, entzun eta sentitzen nuenaren aurrean.

Euskaraz bizitzea, euskaldun izateko. Nire izaera osatu nahi duten elementu ezberdinak hizkuntza zehatz batean ardaztu nahi ditut. Nahi eta behar dut, euskaldun izatea ez baita jada nire izaeraren periferian dantzan dabilen osagaia. Euskaldun izatea nire izaera bera da.


Zentzu horretan, euskaraz bizitzea ahalbidetzen ez didaten hainbat trabek, nire nortasuna erasotzen dute zuzenean, ni neu naizen (edo izan nahi dudan) moduan mundura azaltzen uzten ez didaten heinean.  Euskalduna naiz, eta ez nago bestelako nortasunen aurka. Ni neu izaten uzten ez nauten jarreren aurka nago.

Beste batzuen artean, aipatzen dudan azken arrazoi honegatik berdinagatik, naiz ere feminista.

Mundua ikusteko betaurreko xelebreak eman dizkit euskarak, eta ikusten dudana, holaxe, nik eta ez beste inork ikusten duen moduan azaldu nahi diot inguratzen nauen orori.  Arrazoi berdinagatik naiz feminista.

Euskaraz biziko naiz, ezin dudalako ulertu inork beste inoren gainetik (eta gainean) bizitzeko eskubiderik izatea. Ezin dut onartu berdintasuna eta elkarbizitzaren izenean lehenengo eta bigarren mailako herritarrak egoterik. Arrazoi horrexegatik ere feminista naiz.

Ni ez naizelako bakarra. Gure egoera den modukoa izan eta manten dadin eraiki delako sistema era honetan. Horregatik maite dut bizia eman didan hizkuntzaren alde borrokatzea. Horregatik ere, feminista naiz.

Zakila hankartean jaio nintzen, eta nagusitasun zeinu dela sinistu arazi nahi didate. Españolez hazi naiz, eta horrela bizitzera behartu nahi naute. Berdinon artean zapaltzailearen jarrera aitzakia ustelekin justifikatzen dela entzun behar izatea gorroto dudalako feminista naiz eta ez naiz espaloitik jaitsiko!

...

Naizena naizelako ezin dut ulertu inork beste inoren gainetik jarri eta bestearen bizitza, gorputza, ametsak edo momentua bera suntsitzeko zilegitasunik sentitzea.
Naizena naizelako ezin dut auzoko jaietan gertatutakoa ahaztu, ezin dut barkatu.

  
ERTXOLEGI

2014-5-6

3 comentarios:

  1. Brutala, titi!!! Oroitu naiz Astigarragan izan genuen solasaldiaz!!! Ederra!

    ResponderEliminar
  2. Jajaj egun horrekin oroitu nintzen Miren, noski!!! Luze garatzeko gaia da hau, baina ideia behintzat hor dijoa. Gora gu ta gutarrak!!!

    ResponderEliminar
  3. Eta oso ongi azalduta, txapeldun! Gora!!!

    ResponderEliminar