Drogen eta mugimendu erradikalen arteko harremana aztertzen duen liburu bat osatu du Gatazka kolektiboak; proposamen itxiak egin baino gehiago, «eztabaida piztea» dute xede.
Gotzon Hermosilla. BERRIA.
Gatazka kolektiboak Drogas, capitalismo y movimientos radicales
(Drogak, kapitalismoa eta mugimendu erradikalak) izeneko liburua
kaleratu du oraindik orain, DDT argitaletxearen eskutik, xede argi
batekin: eztabaida piztea. Izan ere, proposamen itxiak baino gehiago,
kritikak, zalantzak, eztabaidarako ideiak agertzen dira lan horretan,
ikuspegi kritiko batetik betiere, «ezker erradikalaren barruan eztabaida
bideratu eta horrek drogekin duen harremana ispiluaren aurrean
jartzeko». Aitor Aspuru (Laudio, Araba, 1981) Gatazka kolektiboko kidea
da, eta liburuaren egileetako bat.
Drogen gaia deserosoa al da mugimendu erradikaletan?
Bai,
oso deserosoa. Normalean beti izaten da deserosoa, baina mugimendu
antikapitalistetan suposatzen da ideia batzuk baditugula eta horren
araberako jokabideak dauzkagula, eta, hala ere, hesi moduko bat dago,
ganorazko eztabaida bat egitea galarazten duena.
Zein da drogen eta kapitalismoaren arteko harremana?
Droga
negoziorik indartsuenetako bat da, diru asko mugitzen du. Nik ez dut
konspirazioetan sinesten, ez dut uste estatuek ezkutuko hitzarmena
dutenik drogak saltzeko, baina argi dago diru hori guztia nonbait
dagoela. Erantzuna, seguru asko, bankuek eta enpresa handiek izango
dute. Baina zaila da pentsatzea botereak, edo boterean parte hartzen
duten batzuek, ez daukatela zerikusirik kapitalismoaren motorretako bat
den negozio batean.
Baina harremana ez da horretara mugatzen, liburuan azaltzen duzuenez.
Drogak
bat datoz kapitalismoaren ideologiarekin, eta sistema horren zenbait
joera indartzen dituzte. Bestalde, kapitalismoak gure bizitzetan
sartzeko duen gaitasuna adierazten dute. Kapitalismoaren zenbait balio
(bat-batekotasuna, hedonismoa, emaitza azkarrak lortzea eta abar) oso
bat datoz drogek ezartzen duten dinamikarekin. Nik uste dut drogak
kapitalismoaren Troiako zaldia direla, autoak edo kontsumismoa diren moduan, desberdintasun batekin: horiek guztiak kritikatzen ditugu, eta drogak, aldiz, ez.
Historikoki, nola egin diote aurre drogen auziari Euskal Herrian kapitalismoaren kontra azaltzen diren mugimenduek?
Mende
hasieran, anarkistak oso kritiko agertzen ziren alkoholaren eta drogen
aurrean, baina gaur egungo kontsumo gizarteak ez du zerikusi handirik
orduko gizartearekin. 1970eko hamarkadan, drogen kontsumoaren eztanda
gertatu zenean, heroinak indar handia hartu zuen eta oso ondorio latzak
izan zituen. Mugimendu erradikaleko talde politiko guztiak heroinaren
kontra lerrokatu ziren eta arazoa kokatu zuten estatuaren kontrako
gatazkaren barruan. ETAren ekintzak izan ziren beharbada horren
adierazpide muturrekoena, baina herri mugimendu osoak sekulako ahalegina
egin zuen horren kontra borrokatzeko. Hala ere, ez zen sakondu
gainerako drogen inguruko kritikan. Horrek ekarri digu gaur egun denok
argi edukitzea drogek zenbait ondorio negatibo dituztela, baina inori ez
bururatzea beharbada horri aurre egin beharko geniokeela.
Zer gertatu zen 1980ko hamarkadan drogen auziaren inguruan sorturiko herri mugimenduarekin?
Nik
uste dut mugimendu horri gertatu zaiola intsumisioaren aldeko edo
zentral nuklearren aurkako mugimenduei gertatutako gauza bera: epe
historiko bat bete zuten, eta gero horren inguruko grina galdu zen.
Lemoizen inguruan sekulako borroka antolatu zen; gaur Garoña dugu
ondo-ondoan, baina horren kontrako mugimendua ez da inoiz hain indartsua
izan. Intsumisioak garaipena lortu zuen, baina gero ez zuen jarraipenik
izan militarismoaren kontrako borroka sendo batean. 80etako mugimendu
hura heroinaren agertzeak sorrarazi zuen batez ere; heroinaren eragina
apaldu zenean, mugimendua ere gainbeheran sartu zen.
Jai eredua ere aipatzen duzue liburuan.
Drogek
zerikusi handia dute jai giroarekin. Herri mugimenduak esan ohi du
jaietarako eta aisialdirako bestelako eredu bat duela, eta neurri batean
hala da. Baina beste gauza batzuetan jai eredu kapitalista eta herri
eredua ez dira hain desberdinak. Gaueko ordu txikietan txosna gune
batean edo dantzaleku batean aurkitzen ditugunak ez dira hain
desberdinak. Bestalde, horrek ordu kopuru eta ahalegin izugarria
eskatzen digu, eta ondorioa da herri mugimenduetako militanteok adituak
garela barra baten atzean lan egiten, kontzertuak antolatzen eta abar,
baina beste zenbait kontutan, atxiloketa baten aurrean nola
erreakzionatu, adibidez, oinarrizko prestakuntzarik ere ez dugu.
Beraz, zuen ustez, hor arazo bat dago.
Begien
bistakoa da, eta horren frogarik argiena da zenbait mugimendutan
ezinezkoa dela horretaz eztabaidatzea. Nire ustez, gurean dagoen drogen
erabilera ez da batere alternatiboa, ez ditu beste esparru batzuetan
sustatzen ditugun balioak sustatzen. Baina, gainera, horren inguruko
eztabaida proposatzen denean, ekidin egiten da.
Zuen asmoa
«eztabaida piztea» dela esan duzue behin eta berriro. Baina, horretaz
aparte, proposamen zehatzik egiten duzue gaiaren inguruan?
Asmo
bakarra da eztabaida piztea eta, ahal dela, eztabaida jatorra izatea,
betiko topikoetatik aldenduta. Gero, kolektibo eta mugimendu bakoitzak
erabakiko du drogen erabilerak arazorik ekartzen ote dion eta horren
aurrean zer egin nahi duen. Nik ez daukat erantzunik. Baina arazoa ez da
«drogak bai ala ez», drogak beti egongo direlako hor, baizik eta
zergatik erabiltzen ditugun eta ea horretaz kontziente ote garen.
Informazioa Berria webgunean dago

Interesgarria. Eztabaida pizteko saiakera ugari bizitu izan ditugu herri/auzo mugimenduaren baitan, baino gaia azaletik ikutuz edo sakontasunik gabeko lanketak izan dira gehienak. "Diskurtso ofizialak" berriz, debekuaren jarrera hartu izan du maiz eta garai bateko egoera politiko eta sozialaren esperientziatik jasotakoa errepikatu besterik ez du egin. Honek askotan gure arteko talkak sortu ditu. 1970. hamarkadan sortutako mugimenduak garaiko sistema kapitalistaren testuinguru zehatzean sortu ziren heinean, nire ustetan, gaiari seriotasunez heltzeko, egungo egoeraren diagnostiko objetibo batetik hasi beharko ginateke; egun sistema kapitalistaren garapena, mugimendu beren garapena, drogen presentzia jendartean eta honekiko harremana. Batetik argia da, drogen erabilerarekin kapitalismoaren balore mordo erreproduzitzen ditugula eta nabarmenki kaltetzen gaituela gure aisi ereduan eta gure arteko harremanetan adibidez. Bestetik norbanakoon erabakian datza kontsumo arduratsua eta neurri egoki batean, esperientzia zein estimulu berriak izateko aukera ekar ditzake. Nolanahi ere drogak hor daude, errealitate bat dira. Ukazioarekin edo "onak eta txarrak" edo "hau bai eta hori ez" dikotomia antzuekin ez goaz inora, ezta eztabaida etengabe atzeratzen. Gai mamitsua gero.
ResponderEliminar