Emile
Durkheim-ek idazten zuen hezkuntza, gazte belaunaldiaren sozializazio prozesu
metodiko bat dela; hau da, hezkuntza, pertsonak gizarte batean sartzea da, eta
gainera era planifikatuan egiten da.
Beraz,
pertsonak bere baitan sartu nahi dituen gizarteak hezkuntzaren ardura dauka,
eta hemen subjektu ezberdinek haien eragina izaten dute: familiak, lagunek,
irakasleek, komunikabideek,… Testuinguru honetan, sistemak, nagusiki, Hezkuntza
Ofiziala hartzen du bere baitan, hori izanik bere eragin puntu zuzenena (nahiz
eta beste alorretan, noski, ere eragina duen). Baina sistemak ez du dohainik
hezkuntzan bere eragina bilatzen, sistemak bere interesen arabera erreprodukzio
bat ematea bilatzen du, hezkuntza sisteman sartzen diren pertsonak bere
funtzionatzeko erara moldatzeko.
Gaur
egungo sistema kapitalistan, beraz, interesak nagusiki ekonomikoak izanik,
Hezkuntza Ofiziala horretara bideratzen da, homogeneoa izango den gehiengo
baten lanaren bidez, gutxi batzuk aberastera. Zentzu honetan, eta Tentik esaten
duenari jarraiki, argi dago gizartean bizitzeko dugun beharretik merkatu bat
sortzeari behin eta berriz ekiten badiogu, indibidualismo negatiboa areagotuko
dugula, eta subjektibitateen eraketa gero eta zailagoa izango dela marko
honetan. Beste era batera esanda, subjektuak denak berdinak izatea bilatzen du
merkatuak, eta, gainera, gezurra den aukera berdintasun batean oinarrituta,
pertsonen arteko lehia eta zapalkuntza bultzatzen da, eskala sozialean gora egiteko
helburuarekin.
Hori
horrela izanik, agerian geratzen da sistema kapitalistak ez duela interesik
pertsona emozionalki indartsu, autonomo, kritiko, lagunarteko, salatzaile, eta
abarrak sortzean, eta horregatik hainbeste gutxiesten dira gaitasun hauek eskolan.
Dena dela, nahiz eta sistemak hauek baztertu, aintzat hartu behar dugu
hezkuntza emozionala kontutan hartzen duten irakasleen lana, nahiz eta guztiei
eskatu beharko litzaieke horren inguruko lanketa minimo bat.
Minimo
hori eskatzen ez den bitartean, “hezitzaile” moduan hain formazio eta
hausnarketa gutxi eskatzen zaio irakasleari, non, batzuetan, ez baituen
baliabiderik (edo ausardiarik) ikasleen kezka emozional eta sozialei erantzun
bat emateko; eta gero, gizartearen aurrean, justifikatuko da gauza horietan
zentratzeko denborarik ez duela esanez.
Eta
nerabeak omen dira hezkuntzaren egoera latzaren errudun...
Parlebaszalea
No hay comentarios:
Publicar un comentario