Ofiziala da:
Egunsenti haur eskola auzotik eramango dute. “Egunsenti” izena mantenduko duen
arren, gaztelerazko eredua hartuko duen haur eskola izango da hurrengo
ikasturtetik aurrera.
Errotxapeako
bizilagunek, zilegitasun eta arrazoi osoz, urteetan zehar euskarazko haur
eskola izateko egin duten eskaera aintzat hartu du oraingoan udalak, baina
prezio altuegian; bertako gaztelerazko ereduko haur eskola bat Txantreara
ekarriaz eta Egunsenti hara eramanez.
Ezkaba aldizkariko azken alean irakurri dut, Errotxapeako bizilagun baten
hitzetan, bertako auzokideek zein euskarak berak irabazi egin dutela udalak
hartutako erabakiarekin. Eta barkatuko didate Kaputxinos haragoko lagunek
baieztapen horrekin bat ez banator; bizilagunek borroka bat irabazi duten
arren, euskara ez da inolaz ere garaile atera. Izan ere, urrats bat aurrera
egiten dugun heinean beste bat atzera egiten badugu, ez goaz aurrera. Argi eta
garbi.
Bestalde, Iruñeko
Euskalgintzak behin eta berriz aldarrikatu du Iruñeko auzo guztietan euskarazko
haur eskolen beharra; Udalak, alabaina, entzungor egin du beti. Zentzu
horretan, euskalgintzak inkesta bat egin zuen iaz umeak haur eskoletan
matrikulatu zituzten gurasoen artean. Inkestaren arabera, matrikulatutakoen gurasoen
ia %60k euskarazko ereduan egingo lukete matrikula, horretarako aukera izanez
gero. Ezinezko zaie ordea, udalak ez baitu behar adinako plazarik eskaintzen.
Areago, ez du matrikula-inprimakietan galdetu ere egiten umea zein eredutan
matrikulatu nahi duzun.
Nire ustean
apalean, “euskarazko haur eskolak auzo guztietan” aldarrikapena nolabait
isiltzeko aintzat hartu du Udalak errotxapearren eskaera, aipatu inkestaren
datuak agerian. Halaber, eta Txantreak Izartegi euskarazko haur eskola
mantenduko duen arren, euskararen arnasgune txiki bat kendu digu Txantrearroi.
Ilunabarra, Miravalles kalean.
Alde batetik,
zoriontzekoa da herri ekimenaren bidez Errotxapean lortu dutena; eta
azpimarratzekoa euskalgintzako eragile zein norbanakoen elkarlanak fruituak
ematen dituela. Baina bestetik, ezin dugu ikuspegi orokorra galdu: Iruñeak bi
haur eskola euskaraz baino ez ditu izanen heldu den ikasturtean ere, eta
euskararen herrian euskara ezagutu beharreko hizkuntza izan beharko lukeen
heinean, aurrera urratsik ez dugu eman.
Gorka Iriarte
Lezaun
No hay comentarios:
Publicar un comentario