Punkaren definizio bat beharko genuke erabili bere baitan jardun behar badugu, baina bere buruaren definiziorik ere ez duela onartzen esan genezake. Errebeldia iraunkorrak eman diezaioke izaera punkari, antiautoritarismoak ere, baina hortik aurrera arrazoi ezberdinengatik egin du bakoitzak bere.
Punka inguratzen duten elementu batzuek (denek ez, giza mugimendua izanik akatsez josia baitago) hurbildu gintuzten batzuk gure garapen pertsonalean bide zehatzak hautatzera. Nire kasuan, ezarritako ohitura eta arau atzerakoiei aurre egiteko tresna moduan sartu zen nire bizitzan. Nire izaera definitzeko behar nituen urratsak egin ezinean, erantzun bortitzen bidez aurrera egiten lagundu ninduen, garai askotan.
Harreman estatikoak hautsi nahian punkak eskaini zidan sexu askearen diskurtsoa, ondorioz feminismora hurbilduz. Eliza eta boterearekiko sumisioa hausteko kantak eman zizkidan punkak, eta musikaren bitartez nire nahiak azaltzeko aukera. Jarrera probokatzaile batez hornitu nintzen, zeinarekin hanka sartu nuen behin baino gehiagotan. Akats egin, etengabe ikasten jarraitzeko.
Orduan jaso nituen eredu gehienak ordea, espainolez izan ziren. Inglaterrako musika taldeak entzuten genituen arren, bertako taldeak ziren ia denak. Bertako españolak. Maitatu nituen euren kantak, paretetan idatzi euren letrak, irakurri españolez idatzitako fanzineak, entzun irrati libreetako saio erdaldunak... tabernetan oihukatu egiten ditut oraindik euren himnoak. Euskarazkoak ere baziren, baina lehentasunez besteak heldu zitzaizkidan nirera.
Lagun asko egon dira alboan bide honetan zehar, eta guztiekin adostasun maila berdinean aurkitzen nintzen arren, hizkuntzaren gaiak bereizten gintuen. “punka nahi duzuna egiteko da” esaten zidaten, “irteten zaizuna”. Eta sormenaren aitzakipean españolez irentsi ditugu kontzertuak, testuak eta kultura oso bat. Inperialismoa kritikatu egiten zen gure lerroetatik, baina hizkuntza inperialista batean. Zapatisten eta berezko herrien borrokak ulertzeko gai izan ziren punki asko, baina ez bertakoa, nazionalismorik ez zelako onartzen. Eta euskal borroka onartuta ere, “gaztelera da etxean jaso dudana” eta kitto. Kasurik onenean ere, euskararen aldeko mezua ulertu arren erdaraz aritu dira lagun gehiegi.
Gure arteko anaitasun eta errespetuan aurrera egin genuen arren, horretan zauritua gelditu nintzen ni.
Egun ere gabezi ugari ikus ditzaket honen inguruan. Arauak hautsi nahi ditu punkak, baina ez du españolismoaren horma jauzten jakin. Nor bere erara ulertu du punka, baina egun oraindik arroztu egiten gaitu euskaldunok “makarrismoa”ren bideak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario